18:00etan abiatuko da Beheko Plazatik. ELAk deitutako protestak hainbat eragileren atxikimendua jaso du
22/09/2026 a las 13:07h.
San Juan egoitzako langileek manifestazioa egingo dute ostegunean. Mobilizazioak lan-baldintzak eta hitzarmen sektorialaren negoziazioa izango ditu ardatz, eta zaintza-sistemaren eta justizia sozialaren inguruko aldarrikapenekin ere lotzen dute parte-hartzaileek. ELAk deitutako protestak hainbat eragileren atxikimendua jaso du.
San Juan egoitzako langileek greba mugagabean jarraitzen dute azaroaren amaieratik, Gipuzkoako beste zazpi egoitzetako langileekin batera. Mobilizazioaren helburuen artean daude prekaritatearekin eta soldata-arrakalarekin amaituko duen sektoreko hitzarmen baten alde egitea eta zaintza-zerbitzuen baldintzak hobetzea.
Irailaren 3an egindako agerraldian iragarri bezala, manifestazioa irailaren 24an, ostegunean, egingo da Zumaian. Mobilizazioa 18:00etan abiatuko da Beheko Plazatik, eta herriko kaleetan zehar egingo da.
Hainbat herriko eragilek bat egin dute deialdiarekin eta manifestazioan parte hartuko dute. Besteak beste, Malen Etxea, Zumaiako Mugimendu Feminista, Zumaiako Emakumeon* Etxea, Zumaiako Pentsionistak, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), Kontseilu Sozialista eta Hitaia daude atxikitako eragileen artean.
«Langileak hilabete luzez aurrera eramaten ari diren borroka justizia sozialeko kontua ere bada. Gero eta prekarioagoak diren lan-baldintzak ezabatuko dituen hitzarmen baten aldeko borroka da, baina baita arreta-ordu gehiagoz hornitutako zerbitzu baten aldeko borroka ere. Bestalde, soldata-arrakala ezabatzeak zaintza-sistemaren publifikaziotik gertuago kokatuko gaitu», azaldu du ELAk.
Hala, langileen aldarrikapenen artean dago sektoreko hitzarmen berri bat lortzea, lan-baldintza prekarioak murrizteko eta kontratazioaren egonkortasuna handitzeko. Zehazki, %100eko lan-kontratuak eta soldata-arrakalarekin amaitzea eskatzen dute. Langileen arabera, sektoreko langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialeko kontratuak ditu, eta 10.000 eurotik gorakoa da urteko soldata-arrakala lan bera egiten duten langile publikoen eta azpikontratatuen artean.
«Hitzarmena berritzeko negoziazio-mahaia 2025eko urtarrilean osatu bazen ere, bilera batzuen ostean mahaia berriro blokeatuta dago, ez dago aurrerapauso nabarmenik eta patronala ez da gai proposamen berririk egiteko. San Juan egoitzako langileak Gipuzkoako beste zazpi erresidentzietako langileekin batera greba mugagabean daude, eta aste honetan 320 greba-egun beteko dituzte», adierazi du sindikatuak. Mobilizazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiari ere eskatu nahi diote «behingoz prekaritatearekin eta genero-arrakalarekin amaituko duen hitzarmen baten aldeko ekimen politikoa har dezala».
Deialdia babestu duten eragileei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek, eta Zumaiako herritarrak osteguneko manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.