Вход на сайт

Просмотр новости

Найдите то, что Вас интересует

«Irakurketa-talde batean, aurreiritziak alde batera utzi, eta irakurtzeko modua zabaltzen da»

Дата публикации: 26-06-2026 05:23:49

Nerea Loiola bitartekariarekin mintzatu gara, «literatura maite, eta literatura bizitzeko modu hori zabaltzen» saiatzen den adituarekin

Основное содержимое страницы с новостью.

Joxeme López de Arana

26/06/2026 Actualizado a las 07:23h.

Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985) idazlea da, bereziki ezaguna haur eta gazte literaturan, eta matematika-irakaslea ere bai, beste jardun askoren artean. Gaur, berriz, helduen zein gazteen irakurle-taldeen dinamizatzaile moduan ekarri dugu hona. Haren hitzetan, «bitartekaria» da, «literatura maite, eta literatura bizitzeko modu hori zabaltzen» saiatzen den pertsona. Eta, zinez, gauza interesgarri asko kontatu dizkigu.

-Ez duzu ikusten kontraesanik irakurtzearen jardun bakartiaren eta irakurle-taldearen elkarrekintza kolektiboaren artean?

-Ez, kontraesanik ez. Tentsio bat egon badago, baina oso emankorra iruditzen zait. Irakurtzea ekintza bakartia da: norberak bere erritmoan egiten du, bere bizipen, aurreiritzi, zauri eta aldartearekin. Liburu bera ez dugu denok leku beretik irakurtzen, eta horregatik da hain interesgarria, gero, irakurketa hori partekatzea. Irakurketa talde batean, bakarka egindako irakurketa hori luzatu egiten da. Beste norbaitek zuk ikusi ez duzun zerbait aipatzen du; edo zuk erdigunean jarri duzun pasarte bat beste irakurle batentzat bigarren mailakoa izan da. Horrek ez du zure irakurketa baliogabetzen, zabaldu egiten du. Gainera, irakurketa taldeak benetako kritika literariorako espazioak ere badira. Gure literatur sisteman ez dugu askotan aukerarik liburu bati buruz patxadaz, luze eta ñabardurekin hitz egiteko. Irakurle-taldean ordu eta erdi eman dezakegu obra baten bueltan: zerk funtzionatu duen, zerk ez, non eragin digun azkura... Ez da soilik «gustatu zait» edo «ez zait gustatu». Argudiatzen, ñabardurak ikusten eta, azken batean, hobeto irakurtzen ikasten da.

-Zeren arabera aukeratzen dira irakurgaiak?

-Ez zait interesatzen beti literatura mota bera eramatea. Nobela irakurtzen dugu, bai, baina baita ipuinak, poesia, komikia, album ilustratua edo bestelako formatu hibridoak ere. Euskaraz sortutakoak eta itzulpenak uztartzea ere garrantzitsua iruditzen zait. Gaietan ere aniztasuna bilatzen dut. Azken batean, irakurketa programa bat osatzea hautu bat egitea da. Literaturaren bidez zer ate ireki nahi dituzun pentsatzea. Batzuetan, irakurleek berez hartuko ez luketen liburu bat proposatzea; beste batzuetan, emakumeek idatzitako literaturari lekua egitea; edo gutxiago irakurtzen diren generoak erdigunera ekartzea. Niretzat helburua ez da irakurle guztiei liburu guztiak gustatzea, baizik eta beren irakurketa-paisaia zabaltzea.

-Nolakoa da irakurleen parte-hartzea?

Parte-hartzea oso desberdina izaten da talde batetik bestera, eta baita saio batetik bestera ere. Ez dut uste irakurle guztiek modu berean parte hartu behar dutenik. Batzuek asko hitz egiten dute, ideiak oso antolatuta ekartzen dituzte, pasarteak markatuta; beste batzuek, berriz, gutxiago hitz egiten dute. Eta isilik egotea ere bada irakurle talde baten parte hartzeko modu bat. Niretzat garrantzitsuena konfiantza giroa sortzea da. Jendeak sentitu behar du ez dagoela erantzun zuzen bakarra, eta bere irakurketa pertsonalak lekua duela. Gaztetxoen taldean, askotan, modu zuzenagoan erantzuten dute, iragazki gutxiagorekin; baina talde guztietan saiatzen naiz gauza bera zaintzen: elkarrizketa ez dadila bakarrizketa bihurtu, eta liburuak ahots bat baino gehiago izan ditzala inguruan.

-Begiratoki da zurea irakurleak aztertzeko. '(Psiko)analisitik' ere baduela ematen du. Noraino dago lotuta irakurle baten gustu literarioa bere izaerarekin?

-Irakurle taldeetan oso agerian geratzen da bakoitzak beretik irakurtzen duela. Liburu batek ez digu denoi toki berean azkura eragiten. Hor agertzen dira gure gustuak, baina baita gure beldurrak, zauriak, desirak eta bizi dugun unea ere. Baina egia da irakurtzen ditugun liburuek, askotan, geure buruaz zeharka hitz egiteko aukera ematen dutela: pertsonaia baten bidez; trama baten atzean geure ikuskerari buruz hitz egiten dugula dirudi. Distantzia horrek askatasun handia ematen du. Uste dut gustu literarioa izaerarekin lotuta dagoela, baina ez hertsi-hertsian. Ez nuke esango «halako liburuak gustatzen zaizkizu, beraz halakoa zara». Baina bai: zer bilatzen dugun liburu batean, zerk aspertzen gaituen, zerk hunkitzen gaituen… Horrek zerbait esaten du guri buruz. Eta irakurketa talde batean hori mugitu egin daiteke, eta irakurtzeko modua bera zabaltzen da.

-Gaztetxoen taldea dela eta, eskolaz kanpoko irakurketa gozagarriak egiteko (bestela gaztelaniaz egiten omen diren horiek) balio duela esango zenuke?

-Bai, esango nuke balio duela, eta asko gainera. Gaztetxoen kasuan, oso garrantzitsua iruditzen zait euskarazko irakurketa eskolako betebeharretik ateratzea eta beste leku batean kokatzea: lagunartean, gozamenean, norberaren ahotsean. Askotan euskaraz irakurtzea ariketarekin, edo azterketarekin lotzen dute; irakurketa talde batek, ordea, beste esperientzia bat eskaintzen die, zer sentitu duten partekatzeko, ados ez egoteko, barre egiteko eta batzuetan irakurketatik abiatuta beren testuak sortzeko ere bai. Hau da, gazteek ikus dezatela euskarak balio duela beren mundua bizitzeko eta kontatzeko.

-Amaitzeko, esango zenuke zeureen moduko taldeek irakurle berriak sortzen dituztela, edo lehendik irakurle zirenak elkartzen dituztela?

-Bi gauzetarako balio dutela esango nuke. Uste dut bereziki irakurzaleen elkargune bat direla. Baina, batzuetan, irakurle berriak sortzeko ere balio dute, edo behintzat irakurketarekiko harreman berri bat sortzeko. Helduen taldeetan, adibidez, badago jendea izena ematen duena bere burua irakurtzera behartzeko. Eta polita da ikustea nola, denborarekin, betebehar txiki horrek plazer forma hartzen duen, taldeko liburuez harago ere nola hasten diren irakurtzen, gomendioak eskatzen, beste egile batzuk bilatzen. Haur eta gaztetxoekin beste zerbait gertatzen da: batzuk lagunak datozelako etortzen dira, eta hasieran agian ez dute beren burua «irakurle» gisa ikusten. Baina talde giroak eta liburuen inguruan sortzen den konplizitateak zerbait pizten du. Eta hortik, askotan, zaletasuna sortzen da.

Схожие новости

#Наименование новостиТональностьИнформативностьДата публикации
1Lau liburu hizkuntza batetik bestera: itzulpen berrien bilduma09.2723-08-2026
2Iratzea, herri-lurrak babesteko (edo saltzeko?)09.3912-09-2026
3'Dakigun hori', arnasa luzekoa den eta ipuinetan «kabitzen» ez zen literatura08.107-10-2026
4«Ilusio handia egiten zidan tripulante bezala ontzian etortzea»08.9229-07-2026
5Aitor Ugarte nagusitu da Beriaingo Kilometro Bertikalean09.321-09-2026
6Elgetako ludotekak ate irekiak egingo ditu eguenean zerbitzua familiei ezagutzera emateko09.3421-09-2026
7Iratzea moztu behar eta... ezin08.4502-10-2026
8Udala zabalik ludoteka zerbitzua hobetzeko familien ekarpenak entzuteko08.4825-09-2026
9Datorren asteartean hitzaldia, harreman osasuntsuei buruz021.7724-09-2026

Классификация: Мнения. Схожих патентов: 0. Схожих новостей: 9. Тональность: 0. Информативность: 11.19. Источник: www.diariovasco.com.