Paisaia eta gogoeta ardatz dituen 'Honekin egin nahi duzuna' poema-liburuarekin irabazi du Itziar Agirrek IX. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
12/06/2026 Actualizado a las 17:09h.
Poesia ere galdera izan daiteke. Eta, batzuetan, erantzunik gabeko bilaketa. Horixe da, neurri batean, Itziar Agirre Sagasetaren 'Honekin egin nahi duzuna' poema-liburuaren abiapuntua: ingurunea arretaz behatzetik sortutako gogoeta poetikoa, paisaiaren eta barne-munduaren arteko elkarrizketa. Gaur goizean aurkeztu dute lana Donostian, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Liburuak aurtengo IX. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi du, euskarazko poesian ahots berriak ezagutarazteko erreferentziazko sarietako bat.
Azken urteotan poema solteak idazten aritu da Agirre. Pixkanaka, ordea, testuak pilatzen hasi ziren, eta haien artean lotura bat bazegoela sumatu zuenean, osotasun bat eraikitzeko beharra sentitu zuen. Horrela erabaki zuen lehiaketara aurkeztea. Esku artean 70 orrialdeko lehen poema-liburua duela, eta «oraindik erantzun bat aurkitu ez duela» aitortuta, etorkizunean ere idazten jarraitzeko asmoa agertu du idazle gazteak. Izan ere, argitaratzea baino gehiago, idaztea du helburu; eta, beste genero batzuk baztertzen ez baditu ere, gaur-gaurkoz poesia dela berezkoen datorkion adierazpidea dio.
Aritz Gorrotxategi Balea Zuria argitaletxeko sortzailearen hitzetan, liburu berezia da 'Honekin egin nahi duzuna'. Gorputzaren inguruko diskurtsoek protagonismo handia hartu duten garai honetan, Agirrek bestelako bide bat urratu du, paisaiari eta gogoetari leku nabarmena emanez. Harremanak dira liburuaren ardatzetako bat: paisaiarekiko harremana, baina baita etxearekin, paretekin, tokiarekiko atxikimenduarekin eta zeruarekin ere.
«Aspaldi ez nuen aurkitzen zerura begiratzen duen poeta gazterik», azaldu du Gorrotxategik. «Badirudi poetek zeruari begiratzeari utzi diotela. Itziarren poemetan, ordea, begirada hori berreskuratzen da. Ez zentzu espiritual batean, baizik eta etxearen, pareten eta mugen inguruan eraikitzen den diskurtso baten barruan. Zerua ere muga horien jokoan sartzen da, nolabaiteko labirinto poetiko baten parte bihurtuta».
Liburuaren beste ezaugarri bereizgarrietako bat da Agirreren hizkera. Donamariako bailara, bertako paisaia, biztanleak eta hizkera ageri dira poemetan, baina ez elementu folkloriko edota tokiko efektu gisa. Argitaletxearen arabera, tokikotik abiatuta unibertsalera iristeko ahalegina da, Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' lanean gertatzen denaren antzera.
Gainera, ‘Honekin egin nahi duzuna’ ez da azalean amaitzen den liburua. Kontrazalak ere poema bat hartzen du: kaligrafia itxuraz idatzitako ‘Ikusten ez den euriak berdin bustitzen du’ testua, liburuaren proposamen poetikoa objektu osoaren gainera hedatuz.
Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak sortu zuten DK Poesia Lehiaketa, 35 urtetik beherako sortzaileen artean euskarazko poesia sustatzeko eta idazle gazteei lehen argitalpenaren aukera eskaintzeko asmoz. Aurten Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi izan dira epaimahaikide. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, bederatzi urteotan saritik igaro diren hainbat egilek beren ibilbide literarioa sendotu dute ondoren, beste argitaletxe batzuetan bigarren eta hirugarren poesia-liburuak ere argitaratuz. Zentzu horretan, lehiaketa lehen bultzada eta plaza garrantzitsua bihurtu da euskal poesia garaikidean.
2001ean Donamarian jaioa, Agirrek Bioteknologia ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ondoren Biomedikuntzako masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun Irakaskuntzako masterra egiten ari da Universidad Internacional de La Riojan, eta euskara irakasle lanetan dihardu Iruñeko Arturo Campion IKA euskaltegian. Donostiako sariaren aurretik, 2022an aipamen berezia jaso zuen egile berriei zuzendutako XXXII. Literatura Lehiaketan, Sartu ez dena ezin atera lanarekin.
Itziar Agirre zuzenean entzuteko aukera izango da datorren astean. Ekainaren 18an, 19:00etan, Victoria Eugenia Club aretoan egingo den Poesia eta Pentsamendua 2026 programako 19. errezitaldian parte hartuko du. Berarekin batera ariko dira Miriam Reyes —2025eko Poesia Sari Nazionalaren irabazlea—, Gorka Erostarbe, Uxue Juarez eta Elena Sanchez Fuertes, Jon Makuso biolinistaren laguntzarekin. 2008an abiarazi zuten egitasmoa Felipe Juaristik, Juan Ramon Makusok, Pello Otxotekok eta Aritz Gorrotxategik, eta ordutik hainbat belaunalditako poetak igaro dira bertatik.
Errezitaldirako gonbidapenak saioaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 11:30etik aurrera, webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen jaso ahal izango ditu.
| # | Наименование новости | Тональность | Информативность | Дата публикации |
|---|---|---|---|---|
| 1 | 'Tximeleten mihia' eta Manuel Rivasen galiziar bizi-zatiak, euskal letretara | 0 | 12.74 | 06-07-2026 |
| 2 | Aritz Galarragak 'Izan gizona' saiakera literarioa aurkeztu du | 0 | 8.98 | 10-09-2026 |
| 3 | Urteetan eraikitakoa ospatzeko jaia | 0 | 9.37 | 26-09-2026 |
| 4 | 'Muñagorri' inicia su camino en Errenteria | 0 | 14.55 | 01-10-2026 |
| 5 | Post-It gorriaren azken abentura | 0 | 16.67 | 03-10-2026 |
| 6 | Zuhaitz Areitio: "Uda honetan argi geratu da aldaketa klimatikoa egitate bat dela" | 0 | 8.75 | 09-09-2026 |
| 7 | 'Deiadarra' euskaldunen historiaren liburu ilustratua argitaratu du Aritz Ibarrak | 0 | 9.11 | 11-08-2026 |
| 8 | Un homenaje de novela a la librera que contaba las tramas a sus clientes | 0 | 5.33 | 19-09-2026 |
| 9 | Jolasteko aitzakiarik ez da falta izan Artadin | 0 | 8.8 | 27-09-2026 |